2012/10/02

Euskal Hezkuntza Sistema Propioa bultzatuko du EHBilduk

«Justizia sozialean» oinarritu nahi du koalizioak finantzaketa, helburua hezkuntzaren dohakotasuna izanik

Hodei Iruretagoiena (Berria):

Beste hezkuntza eredu bat bultzatu nahi du EH Bildu koalizioak, burujabetza eta eraldaketa soziala oinarri hartuta: «Eredu propio eta publikoa, herritar guztien aukera berdintasuna eta Euskal Herriaren garapen kolektiboa sustatuko dituena». Espainiako Gobernuaren asmo zentralizatzaileen aldean, erabaki esparru propioaren beharra aldarrikatu dute koalizioaren gobernu taldeko Hezkuntza eta Kultura arloko kide Marian Bilbatuak eta Gipuzkoako zerrendaburu Xabier Isasik. Bilbatuak adierazi duenez, eskola euskalduna, laikoa, inklusiboa eta kalitatezkoa da koalizioaren apustua, «ikasle bakoitzaren garapen pertsonala bultzatzeko zein kohesio soziala lortzeko».

Euskalduntzeari dagokionez, euskaldun eleaniztunak sortzea izango da EH Bilduk proposatutako ereduaren helburua. Horretarako, ordea, eskolaz kanpoko baliabideak ere beharrezko direla uste du Bilbatuak, hezkuntza ez-formala eta kultura kasu. Euskal curriculuma —2008an aurkeztu zuten hainbat hezkuntza eragilek— aldarrikatu du zentzu horretan: «Gure kultura, identitatea eta hizkuntza ardatz izanik begiratuko diona munduari». Isasik azaldu duenez, sistema propioa sustatuko dute unibertsitatean ere: euskal komunitate zientifikoa osatuz, EAEko eta gainontzeko lurraldeetako unibertsitateen arteko harremana indartuz, irakasleria eta akreditazio agentzia propioak bultzatuz, Euskal Herriak estatu gisa behar lituzkeen ikerketak sustatuz… Isasik adierazi du lanbide heziketan ere sartu beharra dagoela euskara, «nahiko atzeratua baitago».

Hezigune integral edo hezkuntza komunitateena da Bilbatuak azpimarratu duen beste ideietako bat. Hori posible egiteko, familiaren eta gizartearen parte hartzea areagotzeko estrategiak martxan jartzeko asmoa agertu du. Azkenik, finantzaketa eredua ere «justizia sozialean oinarritua» izatea nahi dutela esan dute EH Bilduko kideek; betiere, dohakotasunera iristea litzateke azken helburua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario