2011/09/02

Iruñerriko 11 gazte epaituak izango dira Urrian

Urrian izango dituzten epaiketen harira, idatzi bat plazaratu dute Iruñerriko gazte auziperatuek. Besteak beste, gazteok politikan parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatu dute.

Gazte 1 + ez! Sasi epaiketarik ez!
Iruñerriko auziperatuen oharra:
Azpian sinatzen dugunok euskal jendartea ohartarazi nahi dugu urriaren 4, 5, 6, 17, 18 eta 19an Iruñerriko 11 gazte epaitu nahi gaituztela frankismoko Tribunal de Orden Publiko-aren oinordekoa den Auzitegi Nazionalean, 2008an atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta espetxeratu ostean.
Hilabeteetara kalera irten ginen 96.000 eurotako fidantzak ordainduta eta geroztik, astero epaitegira sinatzera joan behar dugu. Honi gehitu nahiko genion, kartzeletan sakabanaturik daudela oraindikan epaiketa duten hiru lagun.
Gaztetxoak ginenetik jabetu ginen herri honen gatazka politiko eta armatuaz, herriaren borondatearen ukazioan funtsa duenak. Geroztik tinko aritu ginen askapen prozesu kolektibo zein pertsonalean; gu, gazte bezala, gure arazoei aurre eginez. Ilusio, irudimen eta determinazio osoz.
Bide honetan milaka gazte izan gara herri hau zutik mantendu eta eraiki dugunak, prozesu iraultzaile guztietan paper aitzindaria aurrera eraman dugularik, arloz arlo, kulturgintzan, sormenean, gaztetxetan, langile borrokan, internazionalismoan, musikarien artean astintzen, etxebizitza eskubideen alde, espekulatzaileak salatuz, amalurraren aldeko bizi eredu aldaketan, borroka feministan bidean egiten, errepresaliatuekiko elkartasunari bidea ematen,… gazte eragileetan, herri eragileetan, mugimendu politikoetan zein sozialetan. Estatuak ordea bere amorruzko erasoan montai nahaspilatu bat egin zuen gure aurka, kamisariako tortura basatietatik hasi eta hedabideen laguntzaz intoxikazio larria hedatuz. Euskal Herrian gauden garai erabakior honetan irmoki aldarrikatu nahiko genuke gazteok antolatu, borrokatu eta politikan parte hartzeko daukagun eskubideaz.
Estatuek eskubide hauek herriak eskutan hartu eta garatzeari ikaragarrizko beldurra diete. Inoiz ez dugu sinistu saldu nahi izan diguten demokrazi honetan eta frankismoaren mozorro bat besterik ez dela baieztatu ahal izan dugu: dena “lotua, eta ongi lotua” utzi zutela agerian geratzen da.
Horrela, azken lau urteetan, euskal gazteriaren aurka izan diren operatibo mediatiko-polizial guztiak ez direla kasualitatea deritzogu. Aurreko prozesu demokratikoa zapuztu ondoren, Estatuaren Gobernuak mugimendu independentista zapuzteko erabakia hartu zuen. Horren besteko errepresioaren zergatia argi dugu: gazteak herri honetako etorkizuna gara eta honengatik desaktibatzeko apustua egin zuten. Iruñerrian esaterako, 80 gazte izan dira atxilotuak, 46 torturatuak, 51 espetxeratuak eta zerrenda beltzetan ehundaka gazte daude, atxilo eta torturatuak izateko arrisku larrian.
Hau dena horrela bada ere, euren estrategia, errepresioa eta inmobilismoa izaten jarraitzen du gaurkoan ere. Estrategia honek porrot egin behar du eta egingo du herriak egoera honi buelta emanda, herri harresiaren baitan konpromezua hartu eta elkartasunaren aldeko borrokan indar guztiak jarrita. Oztopo guztien gainetik, ez dago Euskal Herria eraikitzeko nahia geldituko duen epaitegi ezta poliziarik ere.
Epaitu eta kondenatu nahi gaituzte baina jakin dezatela, herri honen borondatea ezin izango dutela kondenatu ezta gelditu ere. Jakin dezatela, herri honek determinazio argia duela helmugara iristeko eta bide horretan gazteok konpromezu irmoa hartu dugula.
Kontura daitezela, ez dagoela herri bat garaitu dezakeen sasi-epaitarik!!! Animo ta segi aurrera! Irabazi arte! Gure berotasunik handiena estatuetan baitutak dauden Euskal Preso Politiko eta iheslari guztiei.
Iruñerrian 2011ko abuztuaren 29an

No hay comentarios:

Publicar un comentario