2011/06/21

Iazko Sanferminetako txupinazoaren istiluen aurrean, guk ikurriña!


Berria:    

Gaur hasi da Nafarroako Auzitegian Iruñeko iazko sanferminetako txupinazoan izan ziren istiluei buruzko epaiketa, eta udaltzainek orduko bideo bati baino ez diote eutsi gazteen aurka egiteko. Hiru adingabe ari dira epaitzen, desordena publikoa eragitea eta agintaritzari atentatua egitea leporatuta. Istiluak udaltzainek eragin zituztela salatu zuen, ordea, aurreko astean defentsak, eta gertaeren bideo bat erakutsi zuen.
Istiluetan parte hartu zuten udaltzainek lekuko gisa hitz egin dute. Ezin izan dute gazteen aurkako karguak berretsi. Beraz, horiek identifikatzen dituen elementu bakarra bideo bat da. Defentsaren abokatuak esan du bideo hori ezin dela frogatzat erabili, hasieratik amaierara etenik gabe grabatutako bideo bat beharrean hainbat zati elkartuz osatua dagoelako.
Udaltzainek plazara bereziki ikurrinaren bila sartu izana ezeztatu dute. Segurtasun arrazoiak direla-eta tamaina handiko edozein pankarta kentzeko agindua zutela azaldu dute. Arrazoiketa hori ere atzera bota du defentsa abokatuak; aurreko zenbait kasutan erabili eta ezeztatu den argudio bat dela gogoratu du.
Auzipetuek aitortu dute istiluen unean plazan zeudela, eta udaltzainen jarrera “oso basatia” izan zela adierazi dute. Epaitzen ari diren hiru adingabeetatik bik esan dute istiluen aurrean ez zutela ezer egin; hirugarrenak, aldiz, “sekulako beldurra” sentitu eta botila bat bota izana aitortu du.
Istiluak txupinazoa bota aurretik gertatu ziren. Hainbat gaztek ikurrina erraldoi bat sartu zuten udaletxeko enparantzan, eta udaltzainak kentzera sartu ziren, irudian ikus daitekeenez, indarrez. Istiluetan norbaitek botila bat bota zuen eta Madrilgo gazte bat zauritu zuten.
Auzipetuentzat hemezortzina hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute. Beste hamahiru gazte inputatuta daude auzi berean, baina epaiketa egiteko egunik oraindik ez dute jarrri.
Horietako bi iazko uztailaren 6an atxilotu zituzten, eta gertaera bera egozten diete: gazte bati udaltzainen operazioko buruak botila botatzea egotzi zion, eta egun berean, operazio horren udaltzainen txostenean, beste gazte bati egotzi zioten botila jaurtitzea. Gainontzeko pertsonak joan den otsailaren 2an atxilotu zituzten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario